Oporretan izan naiz naiz uztailan astebetez Kroazia aldean neskalagunarekin. Kroazia Iparraldean hasi genuen bidaia, Zagreben eta hegoaldean Dubrovniken bukatu. Tartean, Plitiviceko parke nazionala, Zadar eta Split.
Hegazkinean Bilbotik Bartzelonara eta Bartzelonatik Zagrebera. Zagrebera eguerdiko 14:30etan iristekoak ginen baina kontu ezberdinak tarteko, batetik hegazkinera igo ez ziren 2 bidaiak fakturatu zituzten maletak hegazkinetik ateratzea eta bestetik ”kontroladoreen ezkutuko greba” pilotuak jakinarazi zigunez, ia ordubetez egon behar izan genuen hegazkin barruan aireratu arte. Azkenean Zagrebera 16:00etan iritsi ginen. Zagreben autoa alokatuta genuen eta aireportutik hotelera. Gasolindegi batean motorzale bati galdetu behar izan genion hotela non zegoen eta honek adeitasun handiz berari jarraitzeko esan eta zuzenean eraman gintuen hotelera. Ezinhobeto hasi genuen Kroazian egonaldia. Bazkaldu ondoren, hotel inguruan bueltatxoa Dom Sportova kiroldegiari buelta eta inguruko kaletan barrena, ingurua aztertuz. Erdigunetik urrun samar geunden eta goiz afaldu eta ohera, hurrengo egunean Zagreb genuen zai.
ZAGREB
Goizean goiz esnatu, hotelean gosaldu eta erdiguneruntz atera ginen autoan baina autoa OTAn 2 orduz utzi zitekeela konturatuta, autoa hotel inguruan utzi berriz eta taxian joan ginen erdigunera. Erdiguneko goialdean kale ederrak ditu Zagrebek, tranbien joan etorriek bat egiten duten puntuan hasi genuen ibilbidea, Josipa Jelacica plazan, zaldun baten eskultura duelarik plaza erdian. Goikalderanzko bidean Kapton kalea Kaptol plazan amaitzen da, Ama Birjinaren Katedralean, ondoan Dolac plazako azoka koloretsua, eskailerak jaitsiz hasierako punturantz Splavnika kaleko lore saltzaileekin egin genuen topo eta berriz ere goikaldera, San Marko plazako izen bereko eliza ikustera eta honen bi albotara batetik “Sabor”-a, Kroaziako parlamentua eta bestetik Kroaziako presidentearen egoitza.
Bazkaldu aurretik, behekaldera egin genuen, bertan Zrinjevac parkean atseden hartu eta inguruaz gozatzeko. Bazkaltzera berriz ere goikaldera, Skalinska kalean dagoen Nokturno jatetxe italiarrean bazkaltzeko. Piper entsalada eta pizza. Leku erosoa eta pizza handiak ematen dituzte. Tratua ona eta prezioz merkea, oso merkea ere. Ederki bazkaldu genuen. Ondoren, helatua hartu genuen terraza batean eta autora. Helmuga, Plitivice natur parke inguruko hotela.
Argazkiak Zagreb
PLITVICE NATUR PARKEA
Ura eta zuhaitzak dira protagonista Plitivice Natur parkean. Urdin eta berdez marraztutako natur ingurune erraldoia, lakuak eta ur jauziak nonahi, zuhaitzez inguratuta. Hitzak soberan daude. Argazkietan lakuen edertasuna eta ur jauzien handitasuna mirestu daitezke. Naturaz gozatzeko ingurune paregabea.
This slideshow requires JavaScript.
ZADAR
Zadarren ikusi genuen itsasoa lehen aldiz. Alde zahar ederra du Zadarrek, bereziki bertara sartzeko harrizko atea handia. Ikusteko nagusienak San Donato Eliza eta San Anastasia Katedrala. Hauen inguruan, erromatar aztarna ugari.
Baina ikusgarriena gauez bizi izan genuen. Dva Ribara jatetxean txiripoi tintaz bustitako rissottoa eta lignje edo kalamar frijituak afaldu ondoren. Itsas pasealekuan, Itsasoaren Organoa izenekoa dago, Nicola Basic artistak itsasoaren indarraz baliatuz sortutako musika tresna erraldoia. Olatuek sortutako airea pasealeku azpian kokatuta dauden tubo erraldoietan sartzen da, doinu armonikoa sortuz. Entzun bideoan, gaua zenez, ez baita askorik ikusten:
Pasealekuaren amaieran, “Eguzkiari agurra” izeneko artelana dago. Nikola Basic berak sortua hau ere. Eguzkiaren energia baliatuz iluntzean argi bizi eta dizdiratsuz osatutako borobil erraldoia osatzen da. Itsasoaren organoarekin batera ikusentzunezko artelan miresgarria eta txundigarria sortzen duelarik.
SPLIT
Split itsasoari begira bizi den hiria da. Alde zaharreko sarreraren eta itsasoaren artean pasealeku zabal bat du, terrazaz josia. Alde zaharrean ikusgarriena Diocleciano Erromako enperadore izan zenaren jauregia. Jauregiaren inguruan labirinto antzekoa sortzen duten kale estuak eta bertan denda, jatetxe eta tabernak aurki diatezke edozein izkinatan. Pasabideak eta barne patioak han eta hemen harrizko egitura duten kaleetan barna. Jauregia bera Brac irlatik ekarritako harri txuriz sortua da, horregatik du kolore txuria.
Narodni plazako areto batean Dalíren Illustration for Dante’s “Divine Comedy” erakusketa topatu genuen eta aukera probestu genuen. Marrazkiez gain, Dalíren bizitzari buruzko bideoa ere ikusi genuen. Hona hemen zati bat:
DUBROVNIK
Bidaia Dubrovniken amaitu genuen. Adriatikoko perla bezala ezagutzen den hirian. Itsasoak inguratzen duen harresi handi batek babesten du alde zaharra. Bertan, terrazak, dendak eta jatetxeak. Arkitektura, historia eta turismoa nahasten dira. Harresiko ertz guztietatik paisaia ikusgarriak, alde batean itsasoa bere handitasunean, beste aldean alde zaharreko etxeen teilatuak. Ikustekoak Sponza jaurregia, Onofrio iturria, Ama Birjinaren katedrala, kaia, Loiolako Inazioren eliza, Minçeta dorrea, Orlandoren zutabea eta azoka.
Kroazia, mendia eta hondartza da. Historiaz jantzitako hiriak, hondartza ederrak, mendi eta natur parke erraldoiak, jende abegikorra. Dudarik gabe, bisita bat merezi duen herrialdea.
